XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ordu bi sartu genuen bertan, eta zortziak aldera elkarri agur esanda, Josemari eta biok geltokirantz, Santurtzirako trengeltokirantz abiatu ginen.

Gainezka zegoen kaia, betiko legez, eta zortzi eta laurdenetakoa hartzeko ere korriketan hartu behar izan genuen, hainbestetan bezala jauzika, trena geltokian sartzen zelarik astiro, baina oraindinoko gelditu gabe zegoela.

Egun hartan, asko ikasi behar baitzuen, Sestaon, beraren herrian jaitsi zen Josemari nirekin Santurtziraino lagun etorri ordez, ohi zuen bezala.

Josemariren izekoa ezagutzearren oso nengoen hunkiturik.

Hainbeste entzunda nengoen etxean, eta orduan konturatu nintzen zergatik, Erandioko osaba Felipegatik, nahiz eta ez gutiago etxekoek abertzaleen artean zeuzkaten hartueman eta lagunengatik, alderdi nazionalistaren paperak saltzen zizkietenak edo beraiekin Santurtzin bertan edo Bilbon, hau dela edo bestea dela egoten zirenak, ikastola, edo elkartea, edo gudariren eguna (aitagaz Areatzeko Jondone Nikola elizara joan nintzen egokiera hura ez baitzait inoiz ahaztu, etxerantz beldurretan itzulita polizia jendea jotzen ikusten nuen lehen abagadunea izateagatik), edo ardotan ibiltzeko, erdaraz egin arren azkenean gogoz eta ahots goraz agur esan ahal izateko, norbera, hain zuzen, abertzale zelako marka.

Trumilka zetozkidan, trenean jezarrita egonik, gogoetak Josemariren izekoaz pentsuka.

Amak kontrolaturik lar berba egin ez zezan, aitak larunbat batetan atari an kondatu zigun menturaz gogoratzen nintzen hoberen, orduan ohartu bainintzaion Josemariren izekoa zela emakume jator hura.

Gizona harrapatu zutenean, nonbait, bera izan baitzen txapelokerrak etxera heldu orduko, oso modu trebeaz guztia edo ahal zena salbatu zuena, berbaz egon zitzaielarik, erdi aspertu eta beren logelako armairuko gainaldean ez begiratzea lortu baitzuen.

Ordu bete egon omen ziren etxean gora eta behera eta ezer aurkitu ez, eta are gehiago, Isabel bera ere erresistentzian zebilkeenik susmatu egin ere ez.

Eta joan zirelarik bera izan zen Bilboko antolakunde guztia salbatu zuena, beraren gizonaren hiru lagunak ikustera joan baitzen gaueko lauretan bertan behera alde egin zezaten, ageriko baitzen senarrak oinazez beraien izenak botako zituela.

Aitak ziozkunez, oinez joan behar ukan zuen gauaz, taxi bat hartzea arriskugarri izan baitzitekeen, (...).